XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...); eta herria oraindik ia hutsik zegoelarik, Errenderia gurutzatu nuen.

Ibaitik, beste askotan bezala, sekulako kiratsa zetorren.

Eta Irun-Madrid burnibidea, hutsik eta isilik, bertan behera utziz, Lezo aldera abiatu nintzen.

Egia esan bainion Obduliori: mezatara nindoan!.

Jaizkibel neukan aurrean; eta aurrekaldean alimaleko eliza horiaren figura nabarmentzen zen, bertako zaindari eskerga.

Ezker aldean, bake baketsuan zeutzan bortuko ontziak eta gruak; berak ere nonbait asteroko atsedenaldian murgildurik.

Zazpiak bost gutxi.

Bapo! Garaiz iritsi nauk.

Eta oso sentsazio bitxiek bete ninduten: berriro ni mezatara... aspaldiko partez... Amak baleki, poztu egingo litzatekek... Gaixoa!

Eta handik piska batera: Eta Obduliok berak ere hau baleki!....

Haurtzaroko urteetan Ezkizu-bekoan, sukaldeko paretan, mila aldiz ikusitako elizatxo huraxe (eta mila aldiotan kasorik egin gabea) neure aurrean neukan.

Santo Kristo famatuaren kaperatxoa goiztiri epeleko argi izutian mamitzen ari.

Elizaren ondoko txoko batean ageri zen momi itxurako gizon ezin argalago hartaz oroitu nintzen... Urriko goiz gogoangarri eta bitxi hartara arte, bertatik ez bata ez bestea sekula bisitatuak.

Bihotz muinean ehortzirik neraman irudi hura, histurik ere, ahots marrantatu batekin batera piztu zen nigan: bizarrik gabeko Kristo miraritsu hori behar duk beti beti maitatu, Antton.